Kokapena

Asko gara munduko lurralde gehienetan ezarrita dagoen jendarte-antolakuntzak gure bizimoduen eremu guztietan krisia eragiten duela uste dugunak: jendartearen eta gure bizimoduen gaineko erabakietatik urruntzen gaitu, lan-indar gisa moneta-aldagai soil bilakatzen gaitu, bakartzen gaitu, banatzen gaitu, eta bizimoduak nahiz ingurumen-baliabideak suntsitzen ditu.

Suntsiketa hau, barne-hutsunea, eta izan gintezkeen horrekiko urruntzea, ez dira soilik agintari txarren edo bihotzik gabeko kapitalista batzuen emaitza, sistemarekiko banaezinak diren dinamiken ondorio baizik, eta beraz, sistema hori osatzen duten erakundeen eta balioen bidez gauzatzen dira.

Jazarpena menpekotasuna da, boterearen bidez ematen dena, eta bortizkeriaren monopolioan agertzen zaiguna: Bortizkeria fisikoa (genozidioak, erahilketak, torturak, errepresioa… errepresio-indarrek egiten dutena), eta baita bestelako egitura eta jendarte-kontrolen bidez egiten delarik onartuagoa den bortizkeria ere (soldatapeko lana, jabego pribatua, komunikabide masiboak, publizitatea, arreta eta laguntza bidezkoa -menpekotasuna eragiten dutelarik-…).

Menperatzea eta boterearen metaketa areagotzen ari dira ia lurralde guztietan.

Erresistentzia guneak

Jende gisa dugun duintasuna desagertarazi nahiean dabil menperatze-politika, horixe baita, bere hortan, erresistentziaren eta bestelako munduak eraikitzearen hazia. Jatorrizko herriek, herri-mugimenduek eta mugimendu-politikoek, burujabeak eta erresistenteak direnek, lurra defendatzeko borroka luzean segitzen dute, hain zuzen ere, esplotazioari, kultur-desegituratzeari eta jendeen umiliazioari aurre eginez. Hala landa-eremuan, nola hirian, duintasunak ematen dizkigu zilegizko bideak herrien, jendetasun-balioen eta herritarron autodefentsarako.

Duintasunak bizirauten duen guneetan ugaritzen dira mobilizazioak: intsumisioak eta desobedientziak indartzen dute, menperatze-egiturak ez laguntzeko jarrera (estatuak, erakundeak eta enpresak).

Asimilizazioarekiko erresistentzia-guneak dira, eta botereari aurre egiten diete. Emultsioan den adimen kolektiboa dira, etengabeko sormena, eta bestelako munduak beharrezko izanik, horiek errealitate bilakatzeko bermea.

Erabateko Iraultzarantz

Erresistentzia-gune horiek itxaropena ere badira, egungo ankerkeria ez onartzeko borondatea agertzen dutelarik. Hala ere, nahigabetzekoa da hainbat eraldaketa-indar erresistentziara edo erreformak eskatzera mugatzea. Gure aldetik uste dugu erresistitu eta egungo sistema gaindituko badugu, pertsona eta herri gisa ber-eraiki egin behar dugula, jendarte berri bat eratu arte.
Duela hainbat hamarkadatik hona, eta bereziki, egungo egoeran bizi dugun krisi-sistemikoak bizkortuta, jendarte-eraikuntzarako hainbat prozesu abiatu dira, jendartearen erabateko eraldaketarako itxaropena argitzen duten itsas-argi gisa indartu direlarik.

Horietako batzuk elkarrekin koordinatuta daude, baina orokorrean, hurbilekoak diren mugimendu asko elkarrekiko loturarik gabe eta elkarlanik gabe daudela ageri zaigu. Aldi berean, iruditzen zaigu alde batera uzten direla pertsonaren eta kolektiboaren hobekuntzarako beharrezkoak diren lanak, nahi dugun aldaketa gauzatzeko hain beharrezkoak direnak. Elkartuko gaituen marko bat izateko lanean hastea beharrezkoa dela uste dugu, norabide berean arraunean egitea ahalbidetuko diguna, beti ere, bakoitzaren autonomia eta deszentralizazioa bermatuz, eraikiz eta aldi berean erresistituz.

Elkartze horretan aurreratzeko, elkartze-marko hori eratzeko, ezinbesteko urratsa da topaguneak sortzea, horietan iraultza garatzeko modu-jakinak gogoetatzeko eta lantzeko.

Duela gutxi zapatistek adierazi dutenez:

«Baietzaren unea da, “beste modu batean posible al da?” galderari baiezkoa eman diogunok elkartzekoa. Baiezko honen ondotik pilatzen diren galderei erantzuteko unea iritsi da: Nolakoa da bestelako modu hori, amesten dugun mundu edo jendarte berri hori? Zer nahi dugu, zer behar dugu? Zer egin behar dugu? Zeinekin?»

Gaineratzen zutenez, galdera horien erantzunak badauzkagu, ba horiek partekatzeko garaia da. Unea noiz iritsiko zain izan bagina moduan, orain prest gaude erantzunak partekatzen hasteko.

Horrela bada, deialdi hau helarazten dizuegu guzti honi buruz mintzatzeko, elkartzeko eta nazioarteko topagune bat eratzeko, Erabateko Iraultza Blokea izendatu dugun hauxe, hain zuzen ere.

Leave a Reply

You must be logged in to post a comment.